Bordeletik Narbonara
sábado, 31 de marzo de 2018
Zubi bikiak
Eta honenbestez, amaitu da Garona ibaiaren arroko ibilbidea. Okzitaniako Tolosan geldialdia egiteko unea da, indarrak batzekoa. Tolosako zubi biki horiek, benetan dira bitxiak. Ezkerreko bidea hartzea erabakitzen baduzu, Bordelera eramango zaitu, atlantikoaren uretara; eskuinekoa hartuz gero, berriz, mediterraneoan bukatuko duzu.
Tolosan atseden hartu ostean, eskuineko bidetik jarraituko dut, Canal du Midin behera, Narbonaraino. Bien bitartean, eta indarrak batzeko, zer hoberik paella jatea eta sangria edatea baino, Tolosako Le Basque tabernan: etxean bezala, aizue!
Errotak
Garona ibaia eta haren alboko kanala ongaiak garraiatzeko erabiltzen zituzten nagusiki. Hala ere, ibaiko uraren indarra erabilia izan da, baita ere, errota handiak mugiarazteko. Zeruko hodeiek isla egiten dute errota urez ornitzeko eraiki dikeen ur geldoetan.
Moissac, santutegia ala jolasparkea?
Goizean goiz bizikletan abiatuta, 12:00etan azpizuna jatea
bezalakoarik ez dago, entsalada eta ardoarekin. Postrerako, arrautze-suspila esnetan irla egiten, eta kafea.
Done Jakue bidea Moissac santutegitik igarotzen denez, erromesekin batera lo egiteko aukera dago Karmeldarren komentuan. Bakea zuekin, eta zuen espirituarekin. Aitortzen dut gutxi falta izan zitzaidala errezutan hasteko.
Moissac zera da, garai bateko abadia bat, herri turistiko bizia, done
jakue bidearen geldialdia; baina, ororen gainetik, kirol portu moduko
bat, itsasontzi mordo batekin kanalean. Horregatik, Monacoko
txirrinduzale batek Moissac lau edo bost aldiz errepikatzen duenean, elkarrizketan parte hartzen duen bestearen erreakzio bat bilatu nahian edo, zeri buruz ari ziren,
zehazki?
A) UNESCOk munduko ondare izendaturiko hirian, Karmeldarren
komentuan lo egiteko aukerari buruz? Halaxe bainago, orain, testu hau idazten. Eguzkia berotzen hasi zaigu ere, pentsa!
B) Edota itsasontzi bat alokatzeko parada ematen duen
hiriari buruz? Pentsatzen dut bigarren honek izango duela, haientzat,
garrantzia handiagorik.
Esklusak eta ur-zubiak
Ingeniaritzaren ikuspegitik, esklusak dira, agian, ibilbideko eraikuntzarik ikusgarrienak. Badira 50 inguru Garona ibaiaren bidean, atlantikoaren arroan, eta badira beste horrenbeste Toulousetik Narborara, mediterraneorantz doan Canal du Midin.
Esklusak ikusgarriak dira, eta tarteka, kanala bera ibaien gainetik pasatu beharra zegoen, ubidearen gainetik ura pasaraziz. Ura, uraren gainetik. Tira, akueduktuak eta esklusak ikusgarriak izango dira, bai, baina baita ibilbideko katedrale guztiak ere. Azpian, Agenekoa.
Gurpilaren zulatua izatekotan, adi Damazanen
Kilometro asko dira bizikletan, eta halako batean, gerta daiteke gurpilaren zulatua izatea. Zulatua Damazan bastidaren inguruan gertatzekotan, adi ibili, arren. Nahi nuen Garona aldera hurbildu, ibilbidearen barianteetako batetik,
eta amore eman behar izan dut. Ozta heldu naiz Damazanera, atzeko
gurpilak airea galtzen zuela, eta kilometro bakoitzean airez berriz
betez.
Aterpetxera heldu naizenea, baserritar jende honek ordu betez eduki nau
esperoan, ordua baino lehen heldu naizelako, haien ustetan. Euripean
konpondu behar izan dut zulatua eta gizonak
errezepzioa ireki duenean, eskuak garbitzeko agindua eman dit,
lehenik eta behin, non eta kale-putan duten ur hotzeko tutumalgu
batez. Irribarrez hartu dut ofentsa, eta isilean entzun behar izan
ditut espainiarrei buruzko burla ustez inozenteak.
Beste txirrindulari frantses batzuk daude hemen, eta haiei erakutsi dizkiete lehenik logelak. Esperoan eduki naute,
hoztuta, eta ondoren, berogailurik gabeko gela bat eman didate. Beharrik etxea epela den, eta gutxika, pasa zait frantziar baserritar arrazistei buruz sortu zaizkidan aurreiritziak.
Bastidak
Behin erdi aroa atzean utzita, Okzitaniako hiri berriak Bastidetan antolatzen ziren. Bastida delako hauek urbanizazio modukoak ziren, herri harresituak, eta erdian, plaza bat izan ohi zuten. Irudikoaren modukoa, Valence d'Agenen.
Ikusirik zenbat Bastida eta Salvatierra dauden Euskal Herrian, begien bistakoa egiten zait katanoen presentzia gurean ere. Ricardo Cierbide datorkit gogora, nola erakutsi zigun ardogintza Olitera haiek ekarri zigutela, erromatarrek bainoago.
Beti behartsu
Okzitania zaharraren arrastoak agertzen dira nonahi. XII mendeko eliza eta abadiak, kataroen lurraldean. Harresi eta muru zahar hauek erakusten dute bertakoen bizimodua. Irudikoa garbitoki bat da, inguruotako hezeguneak ez baitziren batere higienikoak.
Zingira ustelez beteta zegoen Okzitania zaharra, eta Bastidak eraiki ahala, edateko ona izango zen ura lortzen zen. Premiazkoa zen hori epidemiak saihesteko, bestelakoan, gaixotasunak erraz heda zitezkeen. Kanalizazioen helburuetako bat, beraz, ur garbia sartzea izan zen, eta garbitokiak eta iturriak eraiki ziren horretarako. Honela, zingirak lehortu egin ziren, gutxika, eta inguru pobreotako laborarien bizi maila hobetuko zela pentsatzekoa da.
Historikoki pobrea izan den inguru bati buruz ari gara bada, eta ezinbestean, historiaren eraginez euren burua pobre izendatzen duten horien mentalitatea zizelkatzen da. Pobretasun horretan, zer nahi aukera baliatzen
ahal da, diru pixka bat lortzeko edota bizi kalitatea apur bat
emendatzeko. Honela, Garonako kanalaren eraikitze faraonikoa ongi hartuko zuten garaiko jendeek, eta gaur egun, zentral nuklear batek zergetan ematen duen diru
hori ongietorria izango zaie bertako laborariei.
Irudikoa Golfech herrikoan dago, Garonaren ertzean, Auvillar herri turistikotik hartutako argazkian.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)















