sábado, 31 de marzo de 2018

Zubi bikiak


Eta honenbestez, amaitu da Garona ibaiaren arroko ibilbidea. Okzitaniako Tolosan geldialdia egiteko unea da, indarrak batzekoa. Tolosako zubi biki horiek, benetan dira bitxiak. Ezkerreko bidea hartzea erabakitzen baduzu, Bordelera eramango zaitu, atlantikoaren uretara; eskuinekoa hartuz gero, berriz, mediterraneoan bukatuko duzu.


Tolosan atseden hartu ostean, eskuineko bidetik jarraituko dut, Canal du Midin behera, Narbonaraino. Bien bitartean, eta indarrak batzeko, zer hoberik paella jatea eta sangria edatea baino, Tolosako Le Basque tabernan: etxean bezala, aizue!


Errotak


Garona ibaia eta haren alboko kanala ongaiak garraiatzeko erabiltzen zituzten nagusiki. Hala ere, ibaiko uraren indarra erabilia izan da, baita ere, errota handiak mugiarazteko. Zeruko hodeiek isla egiten dute errota urez ornitzeko eraiki dikeen ur geldoetan.


Moissac, santutegia ala jolasparkea?


Goizean goiz bizikletan abiatuta, 12:00etan azpizuna jatea bezalakoarik ez dago, entsalada eta ardoarekin. Postrerako, arrautze-suspila esnetan irla egiten, eta kafea.

Done Jakue bidea Moissac santutegitik igarotzen denez, erromesekin batera lo egiteko aukera dago Karmeldarren komentuan. Bakea zuekin, eta zuen espirituarekin. Aitortzen dut gutxi falta izan zitzaidala errezutan hasteko.




Moissac zera da, garai bateko abadia bat, herri turistiko bizia, done jakue bidearen geldialdia; baina, ororen gainetik, kirol portu moduko bat, itsasontzi mordo batekin kanalean. Horregatik, Monacoko txirrinduzale batek Moissac lau edo bost aldiz errepikatzen duenean, elkarrizketan parte hartzen duen bestearen erreakzio bat bilatu nahian edo, zeri buruz ari ziren, zehazki?

A) UNESCOk munduko ondare izendaturiko hirian, Karmeldarren komentuan lo egiteko aukerari buruz? Halaxe bainago, orain, testu hau idazten. Eguzkia berotzen hasi zaigu ere, pentsa!

B) Edota itsasontzi bat alokatzeko parada ematen duen hiriari buruz? Pentsatzen dut bigarren honek izango duela, haientzat, garrantzia handiagorik.






Esklusak eta ur-zubiak


Ingeniaritzaren ikuspegitik, esklusak dira, agian, ibilbideko eraikuntzarik ikusgarrienak. Badira 50 inguru Garona ibaiaren bidean, atlantikoaren arroan, eta badira beste horrenbeste Toulousetik Narborara, mediterraneorantz doan Canal du Midin.


Esklusak ikusgarriak dira, eta tarteka, kanala bera ibaien gainetik pasatu beharra zegoen, ubidearen gainetik ura pasaraziz. Ura, uraren gainetik. Tira, akueduktuak eta esklusak ikusgarriak izango dira, bai, baina baita ibilbideko katedrale guztiak ere. Azpian, Agenekoa.


Gurpilaren zulatua izatekotan, adi Damazanen



Kilometro asko dira bizikletan, eta halako batean, gerta daiteke gurpilaren zulatua izatea. Zulatua Damazan bastidaren inguruan gertatzekotan, adi ibili, arren. Nahi nuen Garona aldera hurbildu, ibilbidearen barianteetako batetik, eta amore eman behar izan dut. Ozta heldu naiz Damazanera, atzeko gurpilak airea galtzen zuela, eta kilometro bakoitzean airez berriz betez.

Aterpetxera heldu naizenea, baserritar jende honek ordu betez eduki nau esperoan, ordua baino lehen heldu naizelako, haien ustetan. Euripean konpondu behar izan dut zulatua eta gizonak errezepzioa ireki duenean, eskuak garbitzeko agindua eman dit, lehenik eta behin, non eta kale-putan duten ur hotzeko tutumalgu batez. Irribarrez hartu dut ofentsa, eta isilean entzun behar izan ditut espainiarrei buruzko burla ustez inozenteak.

Beste txirrindulari frantses batzuk daude hemen, eta haiei erakutsi dizkiete lehenik logelak. Esperoan eduki naute, hoztuta, eta ondoren, berogailurik gabeko gela bat eman didate. Beharrik etxea epela den, eta gutxika, pasa zait frantziar baserritar arrazistei buruz sortu zaizkidan aurreiritziak.

Bastidak


Behin erdi aroa atzean utzita, Okzitaniako hiri berriak Bastidetan antolatzen ziren. Bastida delako hauek urbanizazio modukoak ziren, herri harresituak, eta erdian, plaza bat izan ohi zuten. Irudikoaren modukoa, Valence d'Agenen.

Ikusirik zenbat Bastida eta Salvatierra dauden Euskal Herrian, begien bistakoa egiten zait katanoen presentzia gurean ere. Ricardo Cierbide datorkit gogora, nola erakutsi zigun ardogintza Olitera haiek ekarri zigutela, erromatarrek bainoago.

Beti behartsu



Okzitania zaharraren arrastoak agertzen dira nonahi. XII mendeko eliza eta abadiak, kataroen lurraldean. Harresi eta muru zahar hauek erakusten dute bertakoen bizimodua. Irudikoa garbitoki bat da, inguruotako hezeguneak ez baitziren batere higienikoak.

Zingira ustelez beteta zegoen Okzitania zaharra, eta Bastidak eraiki ahala, edateko ona izango zen ura lortzen zen. Premiazkoa zen hori epidemiak saihesteko, bestelakoan, gaixotasunak erraz heda zitezkeen. Kanalizazioen helburuetako bat, beraz, ur garbia sartzea izan zen, eta garbitokiak eta iturriak eraiki ziren horretarako. Honela, zingirak lehortu egin ziren, gutxika, eta inguru pobreotako laborarien bizi maila hobetuko zela pentsatzekoa da.

Historikoki pobrea izan den inguru bati buruz ari gara bada, eta ezinbestean, historiaren eraginez euren burua pobre izendatzen duten horien mentalitatea zizelkatzen da. Pobretasun horretan, zer nahi aukera baliatzen ahal da, diru pixka bat lortzeko edota bizi kalitatea apur bat emendatzeko. Honela, Garonako kanalaren eraikitze faraonikoa ongi hartuko zuten garaiko jendeek, eta gaur egun, zentral nuklear batek zergetan ematen duen diru hori ongietorria izango zaie bertako laborariei.

Irudikoa Golfech herrikoan dago, Garonaren ertzean, Auvillar herri turistikotik hartutako argazkian.


Uraren bidea


Inoren kaskezurrean sartuko den ideiarik bitxiena duzu uraren bidea. Kontinente batek banatzen dituen bi itsaso txalupan nabigatu ditzakezula, eta nolabait, bi itsaso horietako urak elkartu egiten direla. Uraren joanetorriarekin batera, bidea inguratzen duten platanoek ere bide osoa egingo dute zurekin, kilometroz kilometro.



Bidaiaren estatistika batek egiaztatu egiten du frantziar gizonek txakurra paseatzen dutela egun euritsuetan, zigarroa erre bitartean. Hobe esanda, euripean ateratzen dira zigarroa erretzera, eta bide batez txakurra libre uzten dute haien inguruan bueltaka. Gazteak korrika egitera ateratzen dira kanalaren bazterrera. Adinekoak ibilian ere pasiatzen dira, binaka eta berriketan. Kanala hor baduzu, etxe ondon, baliatzen duzu, bistan denez.

Zigarroa erretzen arrapatu dudan gizonetako batekin berriketa egiteko parada izan dut. Esan dit arduratuta dagoela, kanalaren bazterretan luiziak izaten direlako, eta ez ote den kanala bera lehertuko, halako batean. Seinalatu dit bazterra, eta arrazoi eman diot. Ez du itxura onik. Naturak normaltasun osoz lehertu dezake XIX mendeko ingeniaritza obra faraoniko bat. Pertsonaren eraikitzeak ez dira betiko. Noizbait eroriko dira euskal Y-aren zubiak. Zakurrari deitu eta alde egin du gizonak.

La Réole


La Réole, berez, ez dago ez kanalaren bidegorrian, ezta trenaren bidegorrian ere. Hor nonbait dago, guztiaren erdian baina aparte, baserri giroko herri buruzagia. Eguneko nekeek beti dute saria, eta irudian, aterpetxeko leihotik ikusten den XVIII. mendeko priore-etxe benediktarra. Ezkerrekoa, berriz, bigarren hezkuntzako Napoleon lizeoa, non elkartzen diren inguruko landa-eremuetako ikasleak.

Hiri xelebre honetan, atariko mailukoak deigarriak dira oso. Forma bitxiak dituzte, eta guztiak dira ezberdinak, nahiz eta aire bat baduten. Garai bateko labidearen lekukotza.


Grafitiak geltoki zaharretan



Tren geltoki zaharretako ormak margozturik agertzen dira, eta pedalei emanez ordu pare bat daramazkizunean, behiek lepoa mugitzen duten modura behatzen dituzu izkinek eragiten dituzten efektu optikoak.

Bidea martxoan egin nahi duenak, jakin beza euria izateko aukerak ehunetik ehunekoak direla. Aste Santua baliatzeak hori du. Bordeleko aldirietan barna hiriaren kanpoalderantz, lehen eguneko goiza etsigarria gerta daiteke, baina laister atertzen du. Ez zaitzala horrek desanimatu.

Tunelak eta zubiak


Trenbideak, autobiak, tunelak eta zubiak. Honela zioen kantak. Roger Lapébie bidegorriko tunel argiztatuak ikusgarriak dira eta eragiten dute honelako zirrara bat bizikletarekin igarotzen dituzunean. Dena ez da tunel, Bordeleko aldirietatik kanpo, ardoaren industriari horren loturik den landagunea bertatik bertara ikusteko aukera dago. Bordelen baitago ardoaren hiria, baina ardo hori egiteko behar diren mahastiak Ageneraino heltzen dira.


Roger Lapébie Baionarra



Roger Lapébie Baionan sorturiko txirrindularia izan zen, ospe handikoa XX mende hasieran, Frantziako Tourra irabazi zuen 1937an. Bordeletik abiatzen den bidegorriari haren izena jarri zioten eta aspaldiko tren baten ibilbidea egiten du, Sauvaterre-de-Guyennera arte.

Trenbidearen bihurguneetan gora, tunelak eta zubiak zeharkatuko dira. Trenbide zaharraren 55 kilometroak atseginak dira, baina trenaren ibilbidea amaitzen denean, lotura egin behar da Garonako kanalaren abiapuntuarekin, eta zenbait baserri bide malkartsu igaro beharko dira horretarkao. 20 kilometro zango-puskatzaile dira.


Bizikleta, ibilgailurik seguruena


Bizikletarekin bidaia bat hasi aurretik, zure ama beti hasiko zaizu matrakarekin; ea ziur ote zauden, kontuz ibiltzeko, arriskutsua dela, hildakoak daudela noiznahi, aurrekoan Diario de Navarrak azaleko berrian zioela 80 urteko txirrindulari bat zendu zela eguzki kolpe batek jota, etab. Bordeletik Narbonara joatekotan, erraza da zure ama ixiltzea, bidegorritik joango baitzara bide guztian zehar.

Bestelako ibilgailuetan arriskutsuagoa ei da ibiltzea, eta adibide gisa, hona hemen neure begiz ikusia Rue de Saget karrikaren ertzean. Citroen urdin batek ez du argi gorria errespetatu, eta Tauzia hiribidean sartu da kolpez, 40 tonako tranbia ziztuan zetorren unean. Alferrekoa izan da tranbiaren kanpaia hots irrigarria, autoak eta trenak ezin izan dute garaiz galgarik sakatu, eta kolpeak airean eraman ditu trenaren lehen bagoia eta autoa bera, ibilgailuaren bi muturrak elkar zapaltzen zirela, pieza bakarrean. Errailetik atera eta Tauzia hiribidea diagonala moztu dute bi ibilgailuek.

Kaleko ibiltariek sakeleko telefonoekin atera dituzte uneko irudiak, sare sozialetara igotzeko. Neronek nahiago izan dut biharamunera arte itxaron argazki hau ateratzeko. Ibilgailuak eramanak zituzten ordurako, baina errepidean baziren, oraindik orain, bezperako kristal hautsiak.

Hendaiatik Bordelera, trenez


NSCFko tren gehienetan sar daitezke bizikletak, beraz, arazorik ez da tresneria Hendaiatik Bordelera garraitzateko. Narbonarako bidegorria Bordeleko St. Jean tren geltokiaren aurretik igarotzen denez, hori da bizikleta garraitzeko modurik aproposena. Trenetik jaitsi eta pedalei eragiten has zaitezke, zuzenean. Hala ere, gomendio eta aholku zenbait beharrezkoak izaten dira, tarteka.

Esate baterako, gerta daiteke hegoaldeko kolegio bateko nerabeak zure tren berean igotzea, ikasketa bidaian Parisa doazenean. Trenak badu bizikletak uzteko aparteko leku bat, eta eraman dezakezu bizikleta garaiz inor ez oztopatzeko asmoz. Ondoren, deskuidu batean gerta daiteke zure bizikleta nerabeen maletaz estalita topatzea, begiraleek pentsatu dutelako maletategia zela. Are gehiago, ohartarazten diezunean leku hori zure bizikletarena dela, eta trenetik lehenago jaitsiko zarenez, ba hori, maletak lekuz aldatu beharko dituztela zuk bizikleta atera ahal izateko, begiraleetako batek kargu hartuko dizu: ea nola bururatu zaizun bizikleta hor uztea, ez ote dituzun euren maletak ikusi, etab.

Euren artean gaztelaniaz ari diren begiraleekin euskaraz diskutitu ondoren, konponbidea proposatu diezaiekezu: bizikleta eta maletak lekuz trukatzea, hartara bizikleta lehenago atera ahal izateko, haien maletak fondoan utziz. Konponbiderako maniobra gauzatu bitartean, ikasle batek albokorari galde diezaioke ea frantsesez ari ote zineten; serio.

Garonako kanala bizikletan egiteko ezinbesteko jana


Hona hemen zenbait aholku ezinbesteko, baldin eta bizikletaz lotu nahi baldin badituzu Bordele eta Narbona. Bidegorri batek elkatzen ditu bi hiriak, eta honela, Atlantikotik Mediterraneora joan zaitezke, pedalei eraginez.

Bidaia arrakastaz egin ahal izateko, lehenengo eta behin, sabela ederki bete behar da. Okzitania guztian ikusi ditut gerora caneléak, baina jatorriz, irudiko okindegi horretan asmatu omen zituzten. Zera dira, kanela zaporea duten bizkotxa moduko batzuk, nahiko bustiak barnetik, pudin gogorxeago bat izan zitezkeen, baina kanpotik karamelizatu egiten dituzte kabroiek, horrek trinkotasun nolabaiteko bat ematen die, eta ezin goxoagoak dira. Horietako bonba batekin, etapa bat osa dezakezu.

Bertan izan nintzenaren froga, hor duzue nire bizikleta, Ahaltsu 2garrena, Baillardran gozotegiko atarian. Ahaltsu 1.goa zahartu zitzaidan, eta adiskide bati pasa nion ardo botila batzuren truke, zer diren gauzak.