sábado, 31 de marzo de 2018
Bizikleta, ibilgailurik seguruena
Bizikletarekin bidaia bat hasi aurretik, zure ama beti hasiko zaizu matrakarekin; ea ziur ote zauden, kontuz ibiltzeko, arriskutsua dela, hildakoak daudela noiznahi, aurrekoan Diario de Navarrak azaleko berrian zioela 80 urteko txirrindulari bat zendu zela eguzki kolpe batek jota, etab. Bordeletik Narbonara joatekotan, erraza da zure ama ixiltzea, bidegorritik joango baitzara bide guztian zehar.
Bestelako ibilgailuetan arriskutsuagoa ei da ibiltzea, eta adibide gisa, hona hemen neure begiz ikusia Rue de Saget karrikaren ertzean. Citroen urdin batek ez du argi gorria errespetatu, eta Tauzia hiribidean sartu da kolpez, 40 tonako tranbia ziztuan zetorren unean. Alferrekoa izan da tranbiaren kanpaia hots irrigarria, autoak eta trenak ezin izan dute garaiz galgarik sakatu, eta kolpeak airean eraman ditu trenaren lehen bagoia eta autoa bera, ibilgailuaren bi muturrak elkar zapaltzen zirela, pieza bakarrean. Errailetik atera eta Tauzia hiribidea diagonala moztu dute bi ibilgailuek.
Kaleko ibiltariek sakeleko telefonoekin atera dituzte uneko irudiak, sare sozialetara igotzeko. Neronek nahiago izan dut biharamunera arte itxaron argazki hau ateratzeko. Ibilgailuak eramanak zituzten ordurako, baina errepidean baziren, oraindik orain, bezperako kristal hautsiak.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario